
Torrealday Gernika Rugby Taldea vs. Steelphalt Getxo Rugby Taldea
Basurdeek denporaldi honetako seigarren garaipena lortu dabe Urbietan, Getxo Rugby taldeari nagusituta. Derbiak une berezi eta hunkigarria be izan dau, Iñaki Lekerika eta Erkiaga Barandika zesta-puntako munduko txapeldunek ohorezko sakea egin dabelako, Euskal Herriagaz lortutako munduko txapelketaren ostean.
Errugbi-giro bikaina bizi izan da Urbietan, Bizkaiko errugbiaren bi talde indartsuenen arteko derbian. Torrealday Gernika Rugby Taldeak eta Steelphalt Getxo Rugbyk indarrak neurtu dabez Ohorezko Maila Elitako norgehiagokan, eta etxeko taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu dau, 34-22 irabazita. Emaitza horri esker, Gorka Argüellen mutilek lidergoa sendotu dabe, jokatutako sei partiduetan sei garaipen lortuta.
Azaroaren lehen asteko eguraldiak be lagundu dau Urbietako jaia girotzen. Harmailetan zale ugari batu dira derbi berezi honetaz gozatzeko, gogotsu eta ilusino handiz. Bi taldeek igoerea daukie helburu nagusi, eta horrek norgehiagokeari aparteko garrantzia emon deutso.
Partiduaren aurretik, baina, kirolak batzen dauen indarra erakusten dauen une berezia bizi izan da. Iñaki Lekerika eta Erkiaga Barandika zesta-puntako jokalariek egin dabe ohorezko sakea. Euskal Herriagaz munduko txapeldun izan barri diran bi puntistek merezitako omenaldia jaso dabe Urbietako zaleen eskutik, txalo zaparrada handi baten artean. Kirolari bikainen lorpena aitortu eta Gernikako kirolaren harrotasuna ospatzeko momentu hunkigarria izan da.
-
Azken berriak





























