Skip to main content

Indaba izan da Azoka Bereziko protagonista nagusia, azken zapatuan

Gernikako Azoka Bereziak lekadunari eskaini deutso zemendiko hitzordua, baina siketearen ondorioz, aurten ezin izan da bertoko indabarik ekoiztu.

Gernikako indabeak protagonismo berezia hartu dau gaur Gernika-Lumoko Merkatu plazan, Azoka Bereziaren zemendiko hitzorduan. Urteko zortzigarren azokeak baserritarrak, ekoizleak, artisauak eta herritarrak batu ditu, bertoko produktuari eta lehen sektoreari lekua egiteko. Hala eta guztiz be, aurtengo edizinoak zapore gazi-gozoa izan dau: Gernikako indabea izan da eguneko protagonista, baina aurten ezin izan da salgai jarri, siketearen ondorioz ez dalako behar besteko uztarik izan.

Eguraldi lehorrak eta ur faltak eragin zuzena izan dabe indabaren ekoizpenean, eta horrek eragotzi egin dau aurten Gernikako indaba merkaturatzea. Halandabe, Azoka Bereziak ez deutso uko egin lekadun preziatuari eskainitako omenaldiari, eta bertaratutakoek indabak dastatzeko aukerea izan dabe. Amurrioko Ibai-Gane jatetxeko sukaldariek prestatutako indabak probatu ahal izan dira Merkatu plazan.

Indabea salgai egon ez dan arren, eskaintza zabala izan da postuetan. Besteak beste, ardaoa, gazta, ogia, euskal pastela, pateak eta horreen eratorriak, Muxikako Lazapazaran upategiko txakolina, gildak eta artisau-hestebeteak eskuratzeko aukerea izan dabe bisitariek.

Artisauek be euren lekua izan dabe azokan, ehungintzako produktuak, haurrentzako liburuak, lore-sortak eta arropa zein osogarri jasangarriak eskainiz. Eskualdeko baserritarrak be Merkatu plazara hurreratu dira euren produktuak saltzeko eta bezeroekin zuzeneko hartu-emona sendotzeko.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan