Skip to main content

XXVIII. Xixili Torneoa ospatu da zapatuan

Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian gimnasia erritmikoko torneo nazional bikaina jokatu da, kirola, talentua eta emozioa bat eginda. Xixili Taldeak, Busturialdeko gimnasia erritmikoaren erreferenteak, protagonismo berezia izan dau jardunaldian.

Urriaren 24an, Gernika-Lumoko Jai Alai frontoia gimnasia erritmikoaren topagune bihurtu zan, XXVIII. Xixili Torneoa hartuta. Goizeko 9:00etatik gaueko 20:30era bitartean, talde eta gimnasta ugarik euren maila, lana eta trebetasuna erakutsi ebezan, publikoaren aurrean.

Xixili Taldeak antolatutako hitzorduak hainbat lekutako gimnastak batu ebazan, eta kirol maila handiko jardunaldia eskaintzeaz gain, gimnasia erritmikoak transmititzen dauzan balioak be agerian itxi ebazan: ahalegina, diziplina, talde-lana eta gainditzeko gogoa. Busturialdeko taldearentzat, gainera, eskualdeko kirol jarduerari ikusgarritasuna emoteko eta gimnasia erritmikoaren lana ezagutarazoteko aukera berezia izan zan.

Sari banaketan, Gernika-Lumoko eta Bermeoko udaletako ordezkariek parte hartu eben, eta kategoria eta talde desbardinetako gimnastek jaso ebezan euren lanaren eta egindako saioaren aitortzak. Ekitaldiak, horrela, eskualdeko erakundeen eta kirol munduaren arteko elkarlana be nabarmendu eban.
Lehiaketako une hunkigarrienetako bat Eider Atxalandabaso gimnastagaz bizi izan zan. Bere parte-hartzeak emozio berezia sortu eban, eta agerian itxi eban gimnasia erritmikoa lehiaketako emaitzetatik harago doan kirola dala. Eideren uneak balio handia hartu eban, inklusioa, ahalegina eta norberaren mugak gainditzeko gaitasuna erdigunean jarriz.

Horrela, XXVIII. Xixili Torneoak kirol ikuskizun bikaina eskaini eban Gernikan, baina baita emozioz beteriko esperientzia be. Xixili Taldeak, Busturialdeko gimnasia erritmikoaren alde egiten dauan lanari esker, beste behin erakutsi dau kirol honek talentua eta lehiakortasuna ez eze, pertsonak batu eta balio positiboak zabaltzeko gaitasuna be badaukazala.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan