Skip to main content

Urriko Lehen eta Azken Asteleheneko azokatan parte hartzeko epea zabalik

2026/09/04

Gernika-Lumoko Udalak urriko bi azoka handietan izena emoteko epea ireki dau: urriaren 5ean egingo dan Lehen Astelehenean eta urriaren 26an egingo dan Azken Astelehenean. Euskal Herriko baserritarrek, ekoizleek eta artisauek irailean aurkeztu ahal izango dabez eskabideak bi merkatu berezi horietan postu bat lortzeko.

Lehenengo astelehenerako, izena emoteko epea irailaren 18ra arte egongo da zabalik; azken astelehenean parte hartu gura dabenek, barriz, irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dabe eskabidea, egun hori barne. Salmenta lizentzia doakoa da eta Euskal Herriko ekoizleei eta baserritarrei zuzenduta dago, azoka bakotxeko atalen arabera.

Parte hartzeko, jarduera profesionala justifikatzen dauen dokumentazinoa aurkeztu behar da. Eskatutako dokumentuen artean dagoz nekazaritza-ustiategiaren egiaztagiria, osasun-erregistroa eta manipulatzaile-txartela, Jarduera Ekonomikoen ganeko Zergan alta emotea eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteten dirala egiaztatzea. Artisauen kasuan, beharrezkoa izango da, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko edo, bestela, Euskal Herriko beste aldundi edo artisau-elkarte batzuetako artisauen erregistroan alta emon izanaren ziurtagiria aurkeztea.

Eskaerak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan izapidetu daitekez, Foru Plazako 3. zenbakian, 07:30etik 14:00etara. Telematikoki be egin daitekez, ziurtagiri elektronikoaren bidez edo beste administrazino batzuen eta Correos-en bulegoen bidez.

Bi azoketarako inprimakiak udalaren webgunean dagoz eskuragarri, Izapideak atalaren barruan. Behin izena emoteko epea amaituta, Udalak eskaerak ebatziko dauz eta parte-hartzaile bakotxagaz harremanetan jarriko da azoka egin aurreko astean, onartua izan dan jakinarazteko.

Lehen astelehenaren kasuan, ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea zortzi egun baliodunekoa izango da, izena emoteko aldia amaitzen danetik kontetan hasita. Azken astelehenerako epea 15 egunekoa izango da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan