Skip to main content

255 metro karratuko horma-irudiak omenaldia egingo deutso herriko historiari

Gernika-Lumok artea eta herriko historia uztartuko dau uda honetan. 255 metro karratuko horma-irudi erraldoia egingo dabe Errenteria auzoko eraikin bateko alboko fatxadan, herriaren historia, ondarea eta nortasuna irudikatzeko.

Muralak 15 metroko zabalera eta 17 metroko altuera izango dau, eta Arteskola alkarte artistikoko bi ikaslek egingo dabe, Julen Munitis bertako artistak diseinatutako zirriborroa formatu handira eroanez. Lanek gutxi gorabehera bi hilebete iraungo dabe, eta aurreikuspenen arabera, abuztu amaierarako amaituta egongo da, Errenteria auzoko jaiekin batera.

Horma-irudiak Gernika-Lumoren historian zeharreko bidaia proposatuko dau. Konposizinoan antxinako Errenteria irudikatuko da, itsasadarrari lotutako portu eta merkataritza-gune moduan, Urdaibaiko paisaiak inguruan dituala eta herriko lehen uriguneak gogorarazoten dabezan eraikin historikoak agertuko dirala.

Horrez gain, tokiko nortasunaren hainbat elementu be jasoko ditu, besteak beste, jantzi tradizionalak daroazan emakumezko figura bat eta lurraldearen ikur dan zugatz handi bat, baita ondare historiko eta kulturalari lotutako bestelako erreferentziak be.

Udalaren ekimen honen helburua artea espazio publikora eroatea eta sorkuntza herritarrengana hurreratzea da, aldi berean, tokiko artistei formatu handiko proiektuetan parte hartzeko aukerea eskainiz.

Jose Maria Gorroño alkateak azaldu dauenez, muralak uriaren historiaren zati garrantzitsu bat modu bisualean berreskuratzeko aukera emongo dau, tokiko talentuaren bidez. Horrela, espazio publikoa edertzeaz gain, Gernika-Lumoren nortasun kolektiboa indartu gura da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan