Skip to main content

Udalak sei etxebizitza atera dauz alokairu sozialera

Gernika-Lumoko Udalak sei udal etxebizitza alokairu sozialeko erregimenean esleitzeko deialdia aurkeztu du. Helburua da etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten herritarrei aukera berriak eskaintzea, hilean 150 eta 200 euro arteko alokairuekin.

Eskaintzaren barruan logela bateko hiru etxebizitza eta bi logelako beste hiru daude, Iparragirre eta Alhondigako eraikinetan kokatuta. Etxebizitzak baremazio-sistema baten bidez esleituko dira, eskatzaileen egoera ekonomikoa eta soziala kontuan hartuta.

Ekimen hau aurkeztean, Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok azpimarratu du etxebizitza dela udalaren lehentasunetako bat. Bere esanetan, “etxebizitza horiek benetan behar dituztenengana iristea nahi dugu. Etxebizitza eskuratzea gaur egun erronka sozial handienetako bat da, eta Udalak neurriak bultzatzen jarraituko du familiek eta gazteek beren bizi-proiektua Gernika-Lumon garatu dezaten, alokairuaren prezioa oztopo izan gabe”.

Udalaren arabera, deialdi hau etxebizitza publikoaren eskaintza handitzeko estrategiaren barruan kokatzen da, eta etorkizunean babestutako etxebizitza gehiago sustatzeko planaren parte da.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 7ra arte egongo da zabalik. Esleipena ez da zozketa bidez egingo; Etxebiden izandako antzinatasuna, diru-sarrerak, bizikidetza-unitatearen ezaugarriak eta kalteberatasun egoerak baloratuko dituen baremo baten bidez ebatziko da.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan