Skip to main content

400 kilo hondakin baino gehiago kendu ebezan joandako domekan Gernika-Lumoko ibai ingurutik

2026/06/16

400 kilo hondakin baino gehiago kendu ebezan domeka honetan Gernika-Lumoko ibai ingurutik, Let’s Clean Up Euskadi kanpainaren barruan Udaleko Ingurumen Sailak antolatutako garbiketa jardunaldian.

Jarduerak Oka ibaiaren hainbat puntutan eta ertzetan pilotutako hondakinen bilketan parte hartu eben boluntario talde bat bildu eban. Berreskuratutako materialen artean honako honeek egozan: pneumatikoak, metalezko hondakinak, plastikozko ontziak, beirazko botilak, altzarien piezak, bidoiak etab.

Bildutako hondakin guzti honeek agirian itxi eben kontrolik bako isurketek oindino be balio ekologiko handiko naturguneetan daben eragina. Hondakinak sailkatu eta kudeatu egin ziran, behar lez tratetan zirala bermatzeko.

Udalak nabarmendu dauenez, ekimenak helburu bikotxa bete eban: ingurune naturalaren egoera hobetzea, zuzeneko jarduera baten bidez, eta herritarrak sentsibilizatzea ibaietan, hezeguneetan eta naturguneetan hondakinak uzteak ingurumenean dauzan ondorioez.

Jon Lejarraga Ingurumeneko zinegotziak parte-hartzaile guztien inplikazinoa eskertu eban, eta nabarmendu eban “kendutako hondakinetatik harago, horrelango jardunaldiek ibaiak babestea erantzukizun partekatua dala gogorarazoteko balio dabela”.

Jarduerak tokiko hainbat erakunde eta kolektiboren laguntza izan eban, baita Eusko Jaurlaritzaren, Ihoberen eta Europar Batasunaren laguntza be, Let ‘s Clean Up Europe kanpainari lotutako programen bidez.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan