Skip to main content

Gernika-Lumoko Udalak lehen aldiz gehitu dauz adimen artifizialari buruzko erispide espezifikoak 2026ko jaietako kartel lehiaketan

2026/05/08

Gernika-Lumoko Udalak lehen aldiz gehitu dauz adimen artifizialari buruzko erispide espezifikoak 2026ko jaietako kartel ofizialaren lehiaketan.

Andra Mari eta San Roke jaiak irudi bila dabilz. Gernika-Lumoko Udalak 2026ko ospakizunen kartel ofiziala aukeratzeko lehiaketa ireki dau, eta lehen aldiz gehitu dau aurkeztutako lanetan adimen artifizialaren erabilerari buruzko klausula bat.

Jai Batzordeak ohiko parte-hartze libreko ereduari eutsiko deutso, baina adimen artifizialeko tresnak erabiltzen dabezanei eskatuko deutse horren barri emoteko eta lanean gizakiaren esku-hartze maila zehazteko. Udalak, gainera, egilearen pisu sortzailea irudien sorkuntza automatikoaren gainetik egongo dala zehaztu dau.

Deialdiak egile-eskubideen babesa be azpimarratzen dau. Parte-hartzaile bakotxak kartelean erabilitako argazki, ilustrazino edo baliabide grafikoen arduraduna izango da. Plagiotzat, imitazinotzat edo egiletzari buruzko zalantzak sortzen dabezan lanak hautaketa-prozesutik kanpo geratuko dira.

Proposamenak ekainaren 5era arte bialdu ahal izango dira Kultura Sailaren web orriaren bidez eta Udalaren Kultura Sailera bereizmen handiko behin betiko artxiboa paraleloan bialduz. Epaimahaiaren erabagia ekainaren 10ean iragarriko da.

Lehiaketak, barriz be, herriko erdiunea abuztu bakotxean eraldatzen daben ospakizunen izaera herrikoia eta jai-girokoa laburbiltzeko gai dan irudia bilatzen dau. Kartelak bertikalean aurkeztu beharko dira, 65×45 zentimetrokoak, eta “GERNIKAKO JAIAK 2026” eta “Abuztuak 14-18” testuak sartu beharko dira. Edozein motatako teknika erabili ahal izango da.

Kontuan hartuko diran erizpideen artean aniztasunaren irudikapena dago.
Oinarriek estereotipoak sahiestera eta generoagaz, sexu-orientazioagaz, adinagaz, kultura-jatorriagaz edo dibersidade funtzinonalagaz lotutako begirada inklusiboak sartzera gonbidatzen dabe.

Irabazleak 600 euroko saria hartuko dau eta kartela Udalaren jaubetza izatera pasauko da. Gainera, inprimatzeagaz lotutako alderdi teknikoak aldatzeko edo akatsak zuzentzeko aukera gordetzen dau Udalak, behin betiko edizinoa egin aurretik.

Deialdiak, era berean, zabalik uzten dau lehiaketa hutsik uzteko aukera, aurkeztutako proposamenek ez badabe espero dan kalidadea lortzen. Kasu horretan, Udalak zuzenean jo leike herriari lotutako artista batengana jaien irudia diseinatzeko.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan