Skip to main content

Ekitaldi ugari izan dira bonbardaketaren 89.urteurrenean

2026/04/27

89. urteurreneko programak ekitaldi ugari bildu dauz egun osoan zehar. The Times egunkariko korrespontsala izan zan George L. Steer kazetariari egindako aitortza burutu dabe, biktimen ahotsa munduratu ebala azpimarratuz eta egia zabaldu ebala eta justiziaren alde egindako lana goraipatuz.

Ostean, XXI. Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen Sariak banatu dira. Global Sumud ontzidi humanitarioa eta Armenia eta Azerbaijanen arteko bake akordioa aintzatetsi dabez Gernika Sariek, Gazako ekintza zibila eta Kaukasoko elkarrizketa politikoa nabarmenduz.

14:00etan bizirik atera zirenen bazkaria burutu dabe Jai Alai Pilotalekuan, jendetsa bilduz. Jose Maria Gorroño alkateak une hau berezia dala esan dau, bakoitzak bere gurasoak gogoratzen dauzela esanez eta burura gauza asko etortzen direla aitatuz.

Arratsaldeko 15:45ean ohiko “sirena hotsa eta 4 minutu” ekitaldia egin da, bonbardaketaren unerik gogorrena gogoratuz. Gainera, barritasun gisa “Bakearen usoak” askatu dira Bakea munduko gauzarik garrantzitsuena dala agerian utziz eta beharrezkoa dala azpimarratuz. Ekitaldi sinboliko hau egin dabienak Gernika-Lumoko alkate dan José María Gorroño, Bosnia eta Herzegovinako, Azerbaijango eta Armeniako enbaxadore ezberdinak eta Global Summit Flotillako ordezkariak izan dira.

Ondoren, Zalloko hilerrian lore eskaintza egin zaie hildakoei. Bertara herri ezberdinetako kideak etorri dira, Jose Maria Gorroño alkateaz gain, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria dan Imanol Pradales, Eusko Legebiltzarreko ordezkaria dan Marisol Garmendia, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia dan Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria dan Ana Otadui Biteri, Espainiako Gobernuko kidea dan Fernando Martínez edo Irak, Alemania, Armenia, Bosnia eta Hezergovina edo Azerbaiyaneko gobernuko kide ezberdinak hurbildu dira hilerrira lore eskaintza hau burutzen, alderdi politiko ezberdinak egoteaz gain.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan