Skip to main content

“Greba orokorrak garaipen barrien atea irekitzeko balioko dau”

2026/03/18

LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako greba orokorra izan da martxoak 17an. Sindikatuen arabera, jarraipen «zabala» izan dau greba deialdi honek. Irudietan, arratsaldean, Gernika-Lumon burututako manifestazinoa.

Sindikatuek azaldu daben arabera, ez dira garai errazak langile eta herri sektoreontzat. Eguneroan krisi berba agiri jaku. Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena, etab. Mundua

Hankaz gora jarria dau sistema kapitalista heteropatriarkal, ekozida eta errazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekarietatean sakonduz. Aberatsak aberatsago, poderea geroz eta esku gitxiagotan eta langile sektore geroz eta gehiago bazterrean. Emakume askok, hareen sorterria itxi daben persona migratuek, arrazializatuek, aniztasun funtzinonala dabenek, gazteek edo sexu-genero disidenteek kapitalaren ofentsibaren jopuntuan dagozala be azpimarratu dabe.

Greba orokor egun honetan aldarrikatu dan moduan, Euskal Herria ez dago errealidade horretatik kanpo. Patronala eta agintari politikoak eskutik helduta doaz aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko helburuagaz. Gauza bera jazotzen ari da gitxieneko soldatagaz: errebindikazio legitimo, justu eta posible bati ateak itxi deutsiez, sindikatuek azaldu daben moduan.

Soldatek erosahalmena galdu dabe, eta prezioek goraka jarraitzen dabe; 300.000 langilek baino gehiagok dabe 1.500 euro baino txikerragoa dan soldata. Inork ez dau gura, lana gogor egin ostean, miseriazko soldata bat jaso eta bizi proiektua garatzeko estu ibili. Sindikatuek aldarrikatu daben moduan, ez dabe gura Euskal Herrian inork bizitza duinerako diru sarrera nahikoa ez izatea. Horregaitik azpimarratzen dabe, besteak beste, gitxieneko soldata hemen erabagitzea eta 1.500 euroko gitxieneko soldata ezartzea.

Pobrezia eta prekaridadeak hedatzen jarraitzen dabe egungo testuinguruan, eta horren ondorioek eragina dabe langileen gorputzetan, osasunean, harreman sozial eta laboraletan, eta baita eskubideetan be. Bizi proiektu desiragarriak eta duinak ezinezkoak bilakatzen ari dira geroz eta langile sektore gehiagorentzat. Eskualde honetan asko dirala errealidade honi aurre egiten deutsien kolektibo, mobimentu eta personak adierazo dabe be.

Nahi-ta gitxieneko soldataren alde egindako ibilpidea aldarrikapen nagusia izan greba orokor honetan, gaur egungo testuinguruak hamaika errazoi gehitzen dauela azpimarratu dabe be. Etxebizitzarik ez eta dagoena izugarri garesti; zerbitzu publikoen eraispen isila eta etenbakoa; pentsinoetan, soldatetan lez, sexu-generoko arrakalaren betikotasuna; eskubideen murrizketak justifiketan dabez, “Batzuk urrunegi joan omen diralako” esanez; krisi ekologikoa areagotzen ari da; eta langileek hareen lanpostuetan gaixotu eta hil egiten dira patronalaren itxikeria dala eta.

Aberastasuna pilatzen jarraitzeko eta joera autoritarioak elikatzeko, desbardina denaren aurkako gerrara eroan gura gaituela azaldu dabe sindikatuek be. Gorroto diskurtsoak eskubideak murrizteko, herritarren arteko zatiketa sustatzeko eta gero eta sektore gehiago pobretzeko erabiltzen dabela adierazo dabe.

Azkenik, greba orokorrak garaipen barrien atea irekitzeko balioko dauela ziurtatu dabe sindikatuek: gitxieneko soldata hemen erabagitzeak milaka langileren diru sarreretan zuzenean eragin daikeelako, eta baita guztion bizitzetan be.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan