
Bizkaiko Foru Aldundiak BI-635 errepidea hobetzeko plana onartu dau Muxikan
Bizkaiko Foru Aldundiak BI-635 errepideko Zugaztieta-Oka tartea hobetzeko Bide Plan Berezia onartu dau. Muxikako 2,12 kilometroko zatian egingo dan jarduketak 11,8 milioi euroko aurrekontua izango dau, eta helburua bide-segurtasuna eta mugikortasuna hobetzea da.
Proiektuak errepidearen trazadura eta ikuspena hobetzea, sarbideak berrantolatzea eta oinezkoen segurtasuna indartzea aurreikusten dau. Barrikuntza nagusietako bat Ariatza eta Oka auzoak lotuko dituan oinezkoentzako ibilbide barria izango da. Horri esker, auzo bien arteko joan-etorriak seguruagoak izango dira, eta autobus-geltokietarako sarbidea be erraztuko da.
Foru Aldundiak azpimarratu dau esku-hartzea Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ingurunea errespetatuz egingo dala. Aurreikuspenen arabera, eraikuntza-proiektua 2026 eta 2027 artean idatziko da, obrak 2028an hasiko dira eta 2030ean amaitzea aurreikusten da.




























