
Mañuko Karmen jaiak bihar hasiko dira hiru eguneko egitarau zabalagaz
Bermeoko Mañu auzoa prest dago Karmen jaiak ospatzeko. Bihar hasi eta zapatura bitartean, auzoak adin guztietarako jarduerez betetako egitaraua eskainiko dau, tradizinoa, gastronomia, musikea eta herri kirolak uztartuz.
Jaiak bihar, Karmen Egunean, hasiko dira txupinazoagaz. Ondoren, meza nagusia egingo da, eta eguerdian umeentzako jolasak izango dira. Arratsaldean gaztelu puzgarriak hartuko dau protagonismoa, eta iluntzean Sustabizen eskutik herri kirol erakustaldia izango da. Aizkolariak, harri-jasotzaileak, trontzalariak eta ingude-jasotzaileak izango dira ikusgai, trikitilariek giroa alaitzen daben bitartean.
Barikuan gastronomiak eta zaletasun tradizionalek hartuko dabe lekukoa. Makailo dastaketa egingo da trikitilarien doinupean, eta gauean zaldi-proba erakustaldia izango da.
Zapatuan amaituko dira jaiak VIII. Tortilla Txapelketagaz. Arratsaldean izen-emotea zabalduko da, DJ Bogdan Rumak giroa berotuko dau, eta ostean tortillen aurkezpena, epaimahaiaren balorazinoa eta sari-banaketea egingo dira. Lehen hiru sailkatuek diru-sariak eta otzarak jasoko ditue.
Urtero lez, antolatzaileek herritarrak Mañura hurbiltzera gonbidatu ditue, auzoko giro bereziaz gozatu eta Karmen jaien tradizinoari eusteko.




























