Alokairu sozialeko 52 etxebizitza eraikiko dabez kaltzadape kalean
Bermeok beste urrats garrantzitsu bat emango du etxebizitza eskuragarria sustatzeko bidean. Visesa sozietate publikoak eta Bermeoko Udalak hitzarmena sinatu dute alokairura bideratutako babes ofizialeko 52 etxebizitza eraikitzeko.
Sustapena Kaltzadape kalean egingo da, eta helburua udalerriko etxebizitza publikoaren eskaintza handitzea izango da, bereziki gazteei eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten familiei aukera berriak eskainiz.
Akordioaren arabera, Bermeoko Udalak doan lagako du eraikuntza egiteko lurzorua, eta Visesak sustapenaren garapenaz arduratuko da. Guztira, 10 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi da.
Visesako zuzendari nagusi Carlos Quindosen arabera, asmoa da proiektua aurtengo irailean lizitatzea, lanak ahalik eta azkarren martxan jartzeko.
Behin etxebizitzak amaituta, Alokabidek kudeatuko ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren alokairuko etxebizitza publikoen parkearen parte izango dira.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu du proiektuak herritarren benetako behar bati erantzuten diola, eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez udalerri irisgarriagoa eta etorkizuneko aukera gehiago eskainiko dituen herria eraikitzen jarraituko dutela.
Erakundeek nabarmendu dute ekimen hau etxebizitza duina eta eskuragarria bermatzeko estrategiaren barruan kokatzen dela, Bermeoko herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin.
-
Azken berriak