Arrain Azoka arrakastaz amaitu da asteburu honetan, Bermeon
Antolatzaileek lehen balorazio “oso positiboa” egin dute, eta milaka lagun batu dira maiatzaren 22tik 24ra bitartean herrian, gastronomiaz, kulturaz eta itsaso giroaz gozatzeko.
Eguraldi onak lagunduta, jendez bete dira Lamera, Portuzaharra eta azokako gune guztiak. Postuetako arduradunek salmentak “oso onak” izan direla nabarmendu dute, eta aurten lehen aldiz antolatutako Pop-Up Kresaltsua guneak ere harrera bikaina izan du.
Arrakasta handia izan du, gainera, karpa solidarioak. Marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko ilara luzeak sortu dira asteburu osoan, eta prestatutako guztia agortu egin da. Bildutako dirua haurrei lotutako osasun tratamenduetara bideratuko da.
Aurtengo edizioak itsasoaren zaintza eta jasangarritasuna izan ditu ardatz, “Itsasoa zaindu, bizia dastatu” lelopean. Horren baitan, tailerrak, familia-jarduerak eta sentsibilizazio ekimenak antolatu dira. Euskararen presentzia ere nabarmena izan da azokako espazioetan, Eskueran proiektuaren bidez.
Asteburuan ez dira falta izan musikak, dantzek eta kale animazioek sortutako giroa. Fanfarreak, erraldoiak, txistulariak eta danborradak kalez kale ibili dira, Bermeoko nortasuna eta tradizioa erakutsiz.
Nadia Nemeh Shomaly alkateak eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten guztiei, baina aldi berean kezka agertu du domeka goizean Portuzaharra hondakinez beteta azaldu izanagatik. Gogorarazi du jai giroa eta ingurumenarekiko errespetua bateragarriak direla.
Arrain Azoka Elkarteak datozen egunetan egingo du aurtengo edizioaren balorazio sakonagoa.
-
Azken berriak