Bermeoko Udalak 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak iragarriko dauzan kartela aukeratzeko lehiaketa abiatu dau
Bermeoko Udalak martxan jarri dau 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak iragarriko dauzan kartela aukeratzeko lehiaketa.
Lehiaketaren gaia Bermeoko jaiak izango da, eta kartelak herriaren izaera islatu beharko dau: jai herrikoiak eta herritarrentzat diranak, parte-hartzaileak, sortzaileak, euskaldunak, feministak, solidarioak eta ekologistak.
Lehiaketan edozein persona fisikok parte hartu ahal izango dau. Kartelak 50×70 zentimetroko neurriak izan beharko dauz, formau bertikalean, eta gura beste kolore eta teknika erabili ahal izango dira.
Lanak bi modutan aurkeztu ahal izango dira: pdf formauan (bereizmen handikoa) edo euskarri gogorrean, beti be N-292 inprimakia beteta.
Adimen artifiziala erabili bada, egileak horren barri emon beharko dau aurkezpenean.
Lanak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 26ko 14:00etan amaituko da. Lanak Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoan edo Berhazen aurkeztu ahal izango dira.
Kartelak testu hau jaso beharko dau: “Bermeoko jaiak 2026” eta “irailaren 7tik 16ra”.
Epaimahaia 9 kidek osotuko dabe, eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da. Proposamenak honako erispideen arabera balorauko dira: estetika, Bermeoren izaera islatzea, balioak eta originaltasuna. Balorazinoan, gizakiek egindako lanak lehenetsiko dira adimen artifizialaren bidez egindakoen aurretik.
Epaimahaiak aurkeztutako lan guztiak aztertuko dauz eta puntuazinorik handiena lortzen dabenen artean finalistak aukeratuko dauz. Ondoren, herritarrek finalisten artean bozkatu ahal izango dabe.
Bozketa epea 2026ko uztailaren 1etik 10era arte izango da. Herritarrek bozka emon ahalko dabe Bermeoko Udalaren webguneko Esaizu plataforman edo Gizarte eta Kultura etxean.
Botoen balioa honakoa izango da: %70 aurrez aurrekoa eta %30 online. Persona bakotxak boto bakarra emon ahal izango dau.
Sari bakarra egongo da, 600 eurokoa. Irabazlea 2026ko garagarrilaren 13an iragarriko da.
-
Azken berriak