Pedalen erritmoan idatzitako elkartasuna: bizitzaren aldeko 450 kilometro
Bermeoko Ziklistek eta Castejongo “El Patorrillo” peñak bi eguneko erronka solidarioa egingo dabe maiatzaren 9an eta 10ean. “Bizitzaren alde” izena dauen alkartasun erronka hau ez da soilik distantzia baten gainditzea izango, baizik eta ahaleginaren bidez beste askoren bizitzetara iritsi gura dauen kinu kolektiboa.
Bermeoko Ziklistek taldeak, Castejongo “El Patorrillo” txirrindulari Peñagaz batera, 450 kilometroko joan-etorria osotuko dau bi egunetan, kostaldetik barnealdera eta handik barriz itsasertzera.
Ibilpide honek, dimentsino fisikoa ez ezik, sinbolikoa be badau: gorputzaren eta gogoaren arteko alkarrizketa etenbakoa, aurrera egiteko ezinbesteko bi indarren uztarketa. Horretan datza erronkaren funtsa: ahalegina zentzun bihurtzea, eta zentzun hori gizarteari itzultzea.
Ekimenak Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen babesa dau, eta bildutako ekarpenak gaixotasunaren aurkako burrukara bideratuko dira. Horrez gan, herritarrei parte hartzeko hainbat bide eskaini jakez, alkartasunaren sarean norbere ekarpena egiteko aukera zabalduz.
Gainera, erronkak bere une gorena izango dau maiatzaren 10ean, Bermeon antolatutako harrera eta egitarau bereziagaz.
Urteak daroez antolatzaileek halako ekimenak sustetan, diskrezinoz baina irmetasunez, beste batzuen aldeko konpromisoa ardatz hartuta. Oraingoan be, erakutsi dabe alkartasuna ez dala adierazpen huts bat, baizik eta praktikan gauzatzen dan jarrera etikoa, izerdiz eta determinazinoz eraikia. Testuinguru honetan, udal ordezkariek be ekimenaren balioa nabarmendu dabe.
Erronka hau ez da 450 kilometrotan agortzen, ezta bi egunetan itxi be. Bere benetako neurria da bizten dauen kontzientzia, sortzen dauen lotura eta gogorarazoten deuskun egia: inork ez lukeela bakarrik egin behar halako biderik.
-
Azken berriak