Mendatan etxebizitza eskuratzeko aukerak zabaltzen jarraitzen dabe
Ekimenaren helburua argia da: herrian bizitzeko aukerak handitzea eta, batez ere, gazteei bertan geratzeko eta etorkizuna eraikitzeko bidea ematea. Izan ere, esleipendunen artean profil anitzak daude, baina gazteen presentzia nabarmena da, eta gehienek eskualdearekin lotura dute.
Lehen fase honetan, hamar etxebizitza eraikiko dira, bakoitzak bere trastelekua eta aparkalekua izango dituela. Bi bloketan banatuta egongo dira, eta diseinuak irisgarritasuna, energia-eraginkortasuna eta bizigarritasuna izango ditu ardatz.
Proiektuak ibilbide luzea izan du. Duela bost urte hasi zen, Udalak lur-sailak erosi zituenean, eta ordutik hainbat urrats egin dira, hala nola saneamendu-lanak eta proiektu teknikoa garatzea. Gaur egun, egitasmoa birpartzelazio fasean dago, eta aurreikuspenen arabera, uda ostean hasiko dira obrak. Lanek urte eta erdi eta bi urte artean iraungo dute.
Mendatako alkateak adierazi du pozik dagoela proiektua aurrera doalako, eta nabarmendu du helburua dela herrian bizi-proiektuak garatzeko aukerak sortzea.
Ekimen honekin, Mendatak berretsi egiten du etxebizitza babestuaren aldeko apustua, herria bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei etorkizuna bertan eraikitzeko aukera emateko.
-
Azken berriak