Skip to main content

Bermeoko Udalak Portuzarrera sartzeko baimenak eskatzeko epea zabaldu dau

2026/04/16

Bermeoko Udalak Portuzarrera sartzeko baimen iraunkorrak eskatzeko epea zabaldu dau, herritarrei eta portuarekin lotura zuzena daben eragileei informazino argia eta garaizkoa eskaintzeko helburuagaz. Neurri hau Portuzarran ezarri dan zirkulazino-murrizketaren baitan kokatzen da, espazioaren erabilera orekatuagoa eta oinezkoen lehentasuna bermatzeko asmoz.

Gogorarazo behar da udalak erabagi dauela portua 13:00etatik 18:00etara itxita egotea ibilgailuentzat, asteburuetan, jaiegunetan eta urteko sasoi jakin batzuetan: aste Santuan, uda garaian (ekainaren erdikaldetik irailaren erdikaldera) eta Gabonetan (abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra).

2026ko ekainaren 15etik aurrera, sarbidearen kontrola bideo-zaintzaren bidez egingo da. Horretarako, ezinbestekoa izango da dagokion baimena izatea, eta horregaitik jarri da martxan orain eskariak egiteko epea.

Baimenak eskatzeko epea hasita dago eta ekainaren 15era bitartekoa izango da, eta aurkeztutako eskariak astebeteko epean ebatziko dira. Baimenek urtebeteko iraupena izango dabe, automatikoki luzatzeko aukeragaz; halan be, udalak ofizioz egiaztapenak egiteko aukera izango dau, eta bost urtero barritze-prozesu bat aurreikusten da.

Eskaria egiteko bi bide egongo dira: Berhaz bulegoan, edo Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Azken aukera honetan, “Portura sartzeko baimen iraunkorrak” izeneko prozedura eskuragarri dago, beharrezko urrats eta dokumentazino guztia zehaztuta.

Eskabidea egiteko, nahitaez bete beharko da dagokion inprimakia, eta, kasu guztietan, gehienez bi ibilgailuren matrikulak aurkeztu ahal izango dira persona bakotxeko, matrikulak eta ibilgailu modeloa adierazita.

Baimenak honako kolektibo hauei zuzenduta dagoz:

• Portutik sarbidea daben etxebizitzetan erroldatutako herritarrak: Etxebizitzako erroldatuak izango dira eskaria egin beharko dabenak.
• Amarristak: dagokion titulartasuna egiaztetan dauen dokumentazinoa aurkeztuta (EKPren faktura edo amarrearen titulartasuna egiaztetan dauen Eusko Jaurlaritzaren agiria).
• Portuko jarduerak: Bermeoko Udalaren Jarduera Ekonomikoen erroldan inskribiduta egon beharko dira, udalak ofizioz egiaztauko dau. Alkarteak Eusko Jaurlaritzaren alkarteen erregistroan inskribiduta egon beharko dira.
• Ostalari eta merkatariak: Bermeoko Udalaren jarduera ekonomikoen erroldan inskribiduta badagoz, udalak ofizioz egiaztauko dau.
• Portuko lonjen erabiltzaileak: titulartasuna egiaztetan dauen agiria aurkeztu beharko dabe.

Aurrez zehaztuta ez dagozan egoerak be aztertuko dira, herritarren beharrei ahalik eta erantzun egokiena emoteko asmoz. Udalak malgutasunez jokatzeko konpromisoa hartu dau, antzeman daitezkeen kasu bereziei urtenbidea emoteko.

Bestalde, Bermeoko Udalak lanean dihardu behin-behineko sarbide-sistema osogarri bat prestetan, une puntualetan sortzen diran beharrei erantzun arina emoteko, bagilaren 15etik aurrera inor beharrezko sarbiderik barik gera ez dadin.

Udalaren ustez, baimen-sistema honek Portuzarraren erabilera antolatzen lagunduko dau, jarduera desbardinak bateragarri eginez eta espazioaren izaera zainduz. Helburua da ibilgailuen presentzia ahalik eta txikerrena izatea, beti be beharrezko jarduerak bermatuz.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan