Skip to main content

EH Bilduk elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egin dau Pasilekuko egoerari irtenbidea emoteko

EH Bildu Gernika-Lumok Pasilekuko egoeraren inguruko balorazinoa egin dau, eta Udalaren eta bertan batzen diran gazteen arteko elkarrizketari eta negoziazioari jarraipena emotea defendidu dau.

Koalizioaren ustez, elkarrizketan jarraitzea ezinbestekoa da, egoerea irtenbide adostu eta egonkor baterantz bideratzeko. Era berean, edozein herritarrek Udaleko ateak zabalik izan behar dauzala eta alkatearen bulegoak herritarrentzat eskuragarri egon behar dauala nabarmendu dau.

EH Bilduk espero dau balizko negoziazio-mahaia azken asteetan egindako bilkuren jarraipena bermatzeko tresna emankorra izatea. Koalizioak azaldu dauenez, hasiera-hasieratik irtenbide adostuaren alde egin dau, eta edozein desalojoren aurka agertu da.

EH Bilduren esanetan, azken egunetan instituzinoaren eta gazte taldeko ordezkarien artean lantzen aritu diran aukerak posible eta bideragarriak izan daitekez.

Horren harira, Gernika-Lumon urteetan hainbat eragilek topaketa eta ekimenak garatzeko espazioak izan dabezala gogorarazo dau, eta Astra jarri dau adibidetzat, hamarnaka eragile batzen dituan espazio moduan.

Azkenik, EH Bilduk bi aldeak negoziatzen jarraitzera eta irtenbide adostu baten alde lanean segitzera animatu dau, Pasilekuko egoerari behin betiko eta egonkorra dan konponbidea emoteko.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan