
Egitarau anitza egongo da asteburuan San Martin Jaiekaz jarraitzeko
Bermeoko San Martin jaiak ospatzeko prest dago herria. Azaroaren 13tik 15era bitartean, barikutik domekara, adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala izango da Bermeon, musikea, kirola, umeentzako jarduerak, herri-bazkaria eta bestelako ekintzakaz gozatzeko aukerea eskainiz.
Jaietako lehenengo eguna, azaroaren 13ko barikua, umeentzako txokolate eta bizkotxo banaketagaz hasiko da, 18:00etan. Ordu berean, buruhandiak ibiliko dira karpa inguruan, eta 19:00etan txupinazoak jaiei hasierea emongo deutse. Ondoren, 19:30ean, «Kanta Kanta Lorue» eta «Dantzaz Blai» taldearen eskutik salsa saioa izango dira, karpan eta herriko hiru tabernatan. Gainera, barikua Pintxo Pote Eguna izango da. Gauean, musikeak hartuko dau protagonismoa: 20:30etik 22:00etara «Txalainak» taldeak Hertzainak taldeari omenaldia egingo deutso; 22:30etik gauerdira «Bribribilibli» taldeak Extremoduroren kantuak joko ditu, eta ondoren, goizaldeko 02:00ak arte, Egoitz (Black Heart) arduratuko da musikaz.
Zapatuan, azaroaren 14an, kirolak eta herri giroak hartuko dabe lekukoa. 10:30ean hasita, San Martin lasterketako dortsalak salgai egongo dira Kresala tabernan. 11:00etan, barriz, San Martin lasterketa solidarioa egingo dabe, umeentzako eta helduentzako hiru ibilbiderekin. Eguerdian, 12:30etik 14:00etara, umeentzako jolasak izango dira karpa inguruan, eta 13:00etatik 14:00etara txalaparta tailerra eskainiko dau Ttakunttxo Txalaparta Taldeak. Goizean zehar, gainera, taloak erosteko aukerea egongo da.
15:00etan herri-bazkaria egingo dabe karpa barruan, KIKUKE Bertso Eskolaren laguntzeagaz. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, txapel jaurtiketea, soka-tirea eta aulkien jolasa izango dira. 18:00etan, Gatatzka perkusio taldearen ikuskizuna hasiko da. Gauean, 20:00etatik 21:30era, «Aimar & La Bandada» taldearen kontzertua izango da, eta 22:00etatik 01:00etara «Argitu Erromeria» taldeak girotuko dau karpa. Ondoren, DJ Jaikidek hartuko dau musikearen ardurea.
Zapatu goizean, gainera, San Martin lasterketea dala eta, trafiko mozketak egongo dira hainbat kaletan, 10:30etik 12:30era bitartean, gitxi gorabehera. Besteak beste, Ibarreta, Martin Deuna, Bizkaiko Jaurerria kalearen Klarisetatik Errottondara arteko zatia eta Zubiaur tar Kepa kaleko 36. eta 66. zenbakien arteko garaje-irteerak itxita egongo dira. Poligonoetatik Martin Deunara doazen kale bietan be (Campos eta DIA) ezin izango da autorik ibili.
Jaietako azken eguna, domekea, azaroaren 15a, 10:00etan hasiko da, txosnaren irekieragaz. 10:30etik 13:00etara, Urdaibai E.T.-ren eskutik, «Eskubaloia kalean» ekimena egingo dabe. 11:00etatik aurrera, Orkatzeta taldeak umeentzako MTB lasterketea antolatuko dau kalistenia inguruan. Eguerdian, 13:30etik 14:30era, Erroxapeko Martxa taldearen musika-saioa izango da karpan, eta 15:00etan zozketea eta sari banaketea egingo dabe.
Hiru egunez, beraz, askotariko jarduerak izango dira Bermeon, belaunaldi guztientzako proposamenakaz. Kirola, musikea, gastronomia eta umeentzako ekintzak buztartuko dira San Martin jaietan, herritarrak eta bisitariak jai giroaz gozatzera gonbidatuz.
-
Azken berriak





























