
Udalak hondakinen gaikako bilketa sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina abiatu dau
8.000 esku-orri banatuko dituzte hiriguneko etxebizitzetan, eta bi ingurumen-hezitzailek etxez etxeko bisitak egingo dituzte herritarren zalantzak argitu eta birziklatzea bultzatzeko.
Bermeoko Udalak hondakinen kudeaketa hobetzeko eta herriko birziklatze-tasa handitzeko sentsibilizazio-kanpaina berri bat jarri du martxan. Ekimenaren helburua herritarrak hondakinak behar den moduan bereiztearen garrantziaz ohartarazotea da, arreta berezia eskainiz hondakin organikoen gaikako bilketeari.
Udalak azaldu duenez, gaur egun herrian sortzen diren hondakinen zati handi bat ez da behar bezala sailkatzen, eta birziklatu daitezken hondakin asko errefusaren edukiontzira botaten dira. Horrez gain, kalean edo horretarako egokiak ez diren lekuetan hondakinak ixteko ohiturek kezkea sortzen dute, herriko garbitasunari eta ingurumenari kalte egiteaz gain, bilketa- eta kudeaketa-kostuak handitzen dituztelako.
Testuinguru horretan, Udalak gogorarazi du Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Estatuko lege berriak hondakinen kudeaketaren kostu osoa tasen bidez estaltzera behartzen dituela udalerriak. Horrek eragina izan du Bermeoko hondakinen bilketarako tasetan. Udalaren arabera, hondakinak behar bezala bereiztea eta kaleak garbi mantentzea dira zerbitzuaren kostua murrizteko bide nagusiak, eta, ondorioz, etorkizunean tasak txikiagotzeko aukerea ere badago.
Gainera, Udalak aurreratu du epe ertainera errefusaren edukiontzia txartel bidez bakarrik ireki ahal izango dela.
-
Azken berriak





























