
Bizkaiko Batzar Nagusiek errepideetako eta bizikleta-bideetako obren tasa barriak onartu dabez
Bizkaiko Batzar Nagusietako Osokoak behin betiko onartu dau errepideetako eta bizikleta-bideetako foru-sarean obrak eta instalazinoak egiteko baimenak eskuratzeagaitik aplikauko diran tasa barriak arautzen dituan Foru Araua. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aldeko botoa emon dabe; Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak abstentzinoa emon dabe, eta EH Bilduk, barriz, kontra bozkatu dau.
Bozketan, oposizinoko taldeek osoko bilkurarako gordetako zortzi zuzenketa-eske partzialak baztertu dira: bost PPrenak, bat Elkarrekin Bizkaiarena eta beste bi EH Bildurenak.
Onartutako arau barriak 1990eko zerga-esparrua eguneratzen dau. Orain arte, hamabi tarifa mota egozan indarrean, eta horrek jarduera askotarako tasa espezifikoak ezartea zailtzen eban. Araudi barriagaz, sailkapena 19 jarduketa-taldera zabaldu da, eta bizikleta-bideen babes-eremuak be sartu dira berariaz, aurreko araudian jasota ez egozanak.
Tasa barriak jarduketa motaren, azpiegituragazko hurbiltasunaren eta jarduketen bolumenaren edo kostuaren arabera zehaztuko dira. Faktore horreek administrazino-izapideek eskatzen daben denporan eragina daukiela azaldu dau Carlos Alzaga Sagastasoloa Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak. Haren esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak 34.000 euro batu ebazan 2025ean tasa horreen aplikazinoagaitik.
-
Azken berriak





























