Skip to main content

Udalak lau familia-eskola antolatu dauz ikasturte honetan, hazkuntzaren eta nerabezaroaren erronkei heltzeko

Bermeoko Udalak, Adikzioen Prebentzio Zerbitzuaren bitartez, familia-eskolen programa berria jarri du martxan ikasturte honetarako. Guztira, lau saio egingo dira, familiei seme-alaben hazkuntzan sortzen diren erronkei aurre egiteko tresnak eta baliabideak eskaintzeko, bereziki nerabezaroari lotutako gaietan.

Lehenengo hitzordua azaroaren 26an izango da, 17:30etik 19:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean. «Nerabezaroa eta lehen irteerak: konfiantzazko autonomiarako bidea. Giltzak eta baliabideak familientzat» izenburupean, 10 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei zuzendutako saioa izango da. Besteak beste, autonomia, gurasoen kezkak, konfiantza, mugak, lagun-taldearen eragina eta lehen irteeretan sor daitezkeen arriskuak landuko dituzte.

Bigarren saioa otsailaren 11n egingo da, 17:30etik 19:30era, eta Nerea Mendizabal psikopedagogoak gidatuko du. «Emozioak eta komunikazio ez-bortitza: garrasi egin gabe… posible da?» izenburupean, entzute aktiboa, emozioen adierazpena eta familian komunikazio osasuntsua sustatzeko baliabideak izango dituzte hizpide.

Martxoaren 18an, berriz, sexualitatea eta pornografiaren eragina izango dira ardatz, «Eta pornografia agertzen denean… zer? Sexualitatea, pornografia eta harreman osasuntsuak nerabezaroan» saioan. Gazteek eduki sexualetara duten sarbidea, pornografiaren eta sexualitate errealaren arteko desberdintasunak eta familian gai horiei buruz hitz egiteko moduak aztertuko dituzte.

Azkenik, laugarren saioa apirilean egingo da, Aste Santuaren bueltan, nahiz eta data oraindik zehazteke dagoen. «Familia eta nerabeen arteko topaketa: Hitz egiten dugu. Baina elkar entzuten al dugu?» izenburupean, entzute aktiboa eta eguneroko bizikidetzan sortzen diren gaiak landuko dituzte, hala nola mugikorren erabilera, ordutegiak, ikasketak, lagunak eta etxeko arauak.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan