
Gernika-Lumoko Euskal Jaia 2026
Gernika-Lumok Euskal Jaiak ospatu dauz gaur, euskal kulturaren eta herri giroaren inguruan antolatutako egun bereziagaz. Goizetik, euskal jantziak, kantuak, musika eta dantzak izan dira protagonista, eta herritar zein bisitariek euskal tradizinoagaz gozatzeko aukera parebakoa izan dabe.
Jai giroa are gehiago berotu da Urdaibai Kantaguneko kideek txupinazoa bota ostean. Une horretan, gainera, omenaldi berezia egin da, eta Ziortza Bilbao Gernika-Lumoko zinegotziak hitz batzuk eskaini dauz bertaratutakoen aurrean.
Musikearen eta kantuaren ondoren, Elai Alai Dantza Taldearen erakustaldia izan da beste ekitaldi nagusietako bat. Dantzariek euskal dantzen erakustaldia eskaini dabe, eta publikoak txalo artean jarraitu dau emonaldia.
Gastronomiak be bere lekua izan dau Euskal Jaietan. Bertaratutakoek taloa txorizoagaz dastatzeko aukera izan dabe, eta postuak harrera handia izan dau, ilara luzeak sortuz. Horrez gain, herriko bazkariak ehunka lagun batu dauz, eta antolatzaileen arabera, 475 pertsona inguruk parte hartu dabe.
Egunari amaiera emateko, haurrentzako jolasak be prestatu dabez, txikienek jai giroagaz gozatzeko aukera izan zezaten.
Horrela, Euskal Jaiak euskal kultura, musika, dantza, gastronomia eta herritarren arteko topagunea bihurtu dira, Gernika-Lumon jai giro herrikoia nagusi izan dan egun batean.
-
Azken berriak





























