Skip to main content

EAJ-PNVK azalpenak eskatu dauz Txibitxiagako igogailuaren hiru urteko obrengatik

Bermeoko EAJ-PNVk azalpenak eskatu dizkio Udal Gobernuari Txibitxiaga eta Itsasbegi lotzen dituen igogailuaren obren garapenari buruz. Udal talde jeltzaleak azpiegitura beharrezkotzat jo du, baina nabarmendu du lanek hiru urte behar izan dituztela eta oraindik inguruan hainbat jarduketa egiteko daudela.

EAJ-PNVren arabera, igogailua martxan jartzea aurrerapausoa da inguruko bizilagunen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko. Hala ere, lanen atzerapenaren arrazoiak, epeak eta eremu horretan aurreikusitako jarduketen plangintza azaltzeko eskatu dio Udal Gobernuari.

Talde jeltzaleak gogorarazi du proiektua aurreko legealdian erakundeen arteko lankidetzari esker bultzatu zela, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa lortu zela. Ingurua hobetzeko beste hainbat jarduketa ere aurreikusi zirela azaldu du, tartean Iparragirre eta Txibitxiagako etxebizitzen energia-eraginkortasuna, Iparragirreko irisgarritasuna eta Kurtzioko urbanizazioa.

Bestalde, Itsasbegi eta Txibitxiaga inguruko aparkaleku falta ere salatu du EAJ-PNVk. Udal taldearen esanetan, bizilagunek behin baino gehiagotan helarazi dute kezka hori, eta oraindik ez du erantzunik jaso.

EAJ-PNVren ustez, igogailua martxan jartzea hobekuntza garrantzitsua da, baina inguruko gainerako beharrei ere erantzun behar zaie.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan