
Bermeoko Musika eskolak ‘Gu musiketan’ tailerra jarriko du martxan ikasturte honetan ere,
65 urtetik gorako herritarrei zuzenduta. ‘Nagusiek bizitasunez bizitzen’ programaren barruan antolatutako ekimena da, eta musikaren bidez parte-hartzea, memoria eta mugimendua lantzea du helburu.
Saioak astean behin egingo dira, eguenetan, eguerdiko hamabi eta erdietatik ordu batera, Musika eskolan. Parte-hartzaileek kantua, erritmoa, memoria eta mugimendua landuko dituzte, modu dinamiko eta taldekoan. Gainera, ez da beharrezkoa musika ezagutza izatea, ekimenaren helburua musika sentitzea eta taldean bizitzea baita.
Izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik, Musika eskolan edo Gizarte Ongizatean. Guztira, 22 lagunentzako lekua egongo da. Eskaera kopuruak plaza kopurua gainditzen badu, zozketa egingo da urriaren 2an.
Lekuen bi herenek lehentasuna izango dute 75 urtetik gorakoentzat, eta gainerako plazak 65 eta 74 urte bitarteko herritarrentzat izango dira.
Ekimenarekin, Bermeoko Udalak adinekoen ongizatea eta parte-hartze soziala sustatu nahi ditu, musikaren bidez topagune eta garapen pertsonalerako espazio bat eskainiz.
-
Azken berriak





























