Skip to main content

Gernika-Lumoko Udalak 206 etxebizitza, enpleo berdea eta LHko zentro bat proiektatu dauz gazteek beren bizi proiektua eskualdean garatzeko aukera izan daien

2026/09/17

Biztanleriaren galera ez da urruneko mehatxua Busturialdearentzat. Zahartzeak aurrera egiten dau, gazteek gero eta zailtasun gehiago dabez etxebizitza bat lortzeko, eta enpleorako eta prestakuntza espezializaturako aukerak ez dagoz beti behar diran lekuan. Gernika-Lumok egoera horri erantzuna eman gura deutso hiru fronteetan batera jardunez: etxebizitza, enpleoa eta hezkuntza.

Udalak babes publikoko 206 etxebizitza konbinetan dauzan estrategia bat diseinatu dau, Vegako industrialdea ekonomia berdeko gune bihurtu gura dau eta Astrako Lanbide Heziketako zentro baten proiektua berreskuratu gura dau be. Helburua argia da: gazteek emantzipatu ahal izateko baldintzak sortzea eta eskualdean euren etorkizuna eraikitzea.

Etxebizitza da udal-estrategiaren lehen ardatz nagusia. Udalak 206 etxebizitza babestu sustatzea aurreikusten dau, alokairuaren aldeko apustu handi bategaz: %75a errazoizko alokairura bideratuko da, eta %25a salmentara.

Lehen fasean 80 etxebizitza aurreikusten dira. Horien artean dagoz zuzeneko alokairu sozialeko etxebizitzak, zailtasun ekonomiko handienak dabezan persona eta familientzat, eta Udalak Eusko Jaurlaritzagaz batera Santa Luzia auzoan sustatzen dauzan eraikuntza barriko bi eraikin. Proiektuak alokairu eskuragarriko 58 etxebizitza babestu batuko dauz.

Horrez gan, 29 zuzkidura-bizitoki publiko sortuko dira, bereziki gazteen emantzipazinoa errazteko pentsatutako formula. Busturialdean eta Lea-Artibain ezaugarri horreek dabezan lehenengoak izango dira.

Lan-egoera sendotzen daben bitartean independizatzeko urratsa emon behar dabenei aldi baterako erantzuna emotea da asmoa. Esleipena Etxebideren bidez bideratuko da, onuradunen diru-sarrerei lotutako kanonak kontuan izanda.

Lehen fasea osotzeko, 16 Babes Ofizialeko Etxebizitza dagoz aurreikusita erosketa-erregimenean Errenterian. Eta plana ez da hor amaitzen. Udala bigarren etapa bat lantzen ari da, beste 126 etxebizitza babestu sartzeko aukera emongo lukeena.

Apustua, beraz, ez da etxebizitzak eraikitzera mugatzen. Etxebizitza horreek eskuratzeko formulak zabaldu gura dauz, Gernika-Lumon geratzeko oztopo nagusietako bat etxebizitzaren prezioan aurkitzen daben gazteei arreta berezia eskainiz.

Bigarren ardatza La Vegako eremua ekoberrikuntza eta bioekonomia parke bihurtzea proposatzen dau, ekonomia zirkularra, teknologia garbiak eta ingurumen kudeaketari lotuta. La Vega udal eta foru titulartasuneko 150.000 metro karratu inguruko industria-eremua da.

Planteamentuak eraldaketa ekonomikoa eta energetikoa aprobetxatu gura dauz eskualdean lan aukera barriak sortzeko. Udalaren hasierako kalkuluen arabera, proiektuak 2.200 lanpostu zuzen eta zeharkako sortuko dauz.

Hirugarren ardatza hezkuntzaren esparruan kokatzen da, eta urteak geldituta daroazan proiektu bat berreskuratu gura dau: Astra fabrika zaharraren lurretan Lanbide Heziketako zentro bat eraikitzea.

Ekimena 2008an iragarri eban Eusko Jaurlaritzak, baina ez zan inoiz gauzatu. Udalak gogorarazo dau 4,5 milioi euro bideratu ebazala lurrak erostera, eta orain proiektu ha eguneratzea eskatu dau, eskualdearen egungo beharretara egokitzeko.

Lanbide Heziketa zentro honen espezialidade posibleen artean, uraren ziklo integrala, hondakinen tratamentua eta energia barriztagarriak dagoz, bai eta ingurumen-kudeaketari eta trantsizino energetikoari lotutako beste prestakuntza batzuk be.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan