Bermeok San Juan bezpera ospatu dau sua barik, baina giro eta parte-hartze handiagaz
Bermeok San Juan Bezpera ospatu dau aurten be, baina ohiko San Juan surik barik. Tenperatura altuak eta sute arrisku handia dirala eta, sua bizteagaz lotutako jarduera guztiak bertan behera uztea erabagi dabe segurtasuna lehenetsiz.
Halan be, ospakizunak ez dau indarrik galdu, eta herriko talde, alkarte eta boluntario ugarik parte hartu dabe urtero ehundaka herritar biltzen dauzan hitzorduan.
Kalejira gaueko bederatzietan abiau da Gizarte eta Kultura Etxetik, eta herriko hainbat txokotatik igaro da musika, dantza, txalapata, irrintziak eta euskal kulturaren adierazpen ugari eskainiz.
Antolatzaileek oso balorazino positiboa egin dabe aurtengo ospakizunaz. Azpimarratu dabe, sua izan ez arren, herritarrek bikain erantzun dabela eta jaiaren benetako espiritua mantenidu dala: herritarren arteko topaketa, tradizinoaren transmisinoa eta komunidadearen indarra.
Era berean, nabarmendu dabe segurtasuna lehenestea ezinbestekoa izan dala, Bizkai osoan erregistratutako tenperatura altuen aurrean.
Bermeok, beraz, erakutsi dau San Juanen esentzia ez dagoala soilik suan, baizik eta herritarren parte-hartzean, kulturaren transmisinoan eta belaunaldiz belaunaldi bizirik manteniduten diran ohituretan.