Skip to main content

Platinozko Erratz barri bat lortu dau Gernika-Lumok

2026/06/19

Hondakinen Kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak Platinozko Erratz barri bat emon deutso Gernika-Lumoko Udalari, erakunde horrek uri-garbiketako, hondakinak biltzeko eta ingurumen-berrikuntzako zerbitzuen kalidadeagaitik nabarmentzen diran administrazinoei emoten deutsen saririk garrantzitsuena.

Saria aste honetan jaso dau Jose Mari Gorroño alkateak, IFEMA Madrilen, Hirigintza eta Ingurumeneko Nazioarteko Azokaren barruan egindako ekitaldian. Aitorpen barri horregaz, herriak 2022an lortutako saria berretsi eta 2014an Urrezko Erratzagaz hasi eta 2018ko eta 2022ko Platinozko Erratzakaz jarraitu eban palmaresa handitu dau.

Epaimahaiak bereziki baloratu dauz Udalak azken urteetan bide-garbiketa hobetzeko, udal-zerbitzuen ingurumen-inpaktua murrizteko eta uri-eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko hartu dauzan neurriak.

Nabarmendutako jardueren artean, urigune historikoan eta erdigunean “Zero Emisio” izango duen garbiketa eremu bat sortzea dago. Bertan, lanak makineria elektrikoaren bidez egingo dira.
Era berean, Udalak klima-aldaketara hobeto egokitzeko ekimenak bultzatu dauz, besteak beste, 46 aterpe klimatikoz osotutako sare bat sortzea, uriko hainbat puntutan banatuta, beroaldietan babes-espazioak eskaintzeko.

Garbiketa-zerbitzuen modernizazioaren barruan, presino handiko ur beroaren bidez garbitzeko eta xurgatzeko ekipo barriak sartu dira uri-zoladura garbitzeko. Horrela, espazio publikoen higienea zein oinezkoen eta erabiltzaileen segurtasuna hobetuz. Neguko denporaldian, gainera, udalaren dispositiboa edurra kentzeko eta izozteak prebeniduteko makineria espezifikoagaz osotzen da.

Hondakinen arloan, neurri nabarmenetako bat bilketaren ordutegiak berrantolatzea izan da. Zerbitzua eguneko ordutegian egiten da gaur egun, gaueko bilketak kenduz eta, holan, herritarrentzako eragozpen akustikoak murriztuz.

Udal flotaren barrikuntza izan da epaimahaiak baloratu dauen beste alderdietako bat. Zerbitzuak uri barruko ekorketarako ibilgailu espezifikoak, grafitiak, orbanak eta berdina ezabatzeko hidrogarbiketa-ekipoak, galtzadak baldekatzeko makinak eta ikuskapen-ibilgailuak dauz, mantenidute-lanen eraginkortasuna indartzeko.

Jarduera guzti horiei Eco Punto Móvil zerbitzuaren funtzinonamentua gehitu behar jake. Zerbitzu horrek hondakin txikiak eta bereziak birziklatzea errazten deutse herritarrei, adibidez pilak, bonbillak, fluoreszenteak, erradiografiak edo euskarri elektronikoak. Era berean, Udalak berariazko zerbitzu bat dau tamaina handiko hondakinak kentzeko garabiaz hornidutako ibilgailuen bidez.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan