Bermeoko Lameran ospatuko dabe XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki eguna
Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrenaren ospakizunen baitan, XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartuko dau Bermeok datorren domekan, ekainaren 21ean. Ekitaldiak eskualde osoko dantzari gazteak alkartuko dauz, tradizinoa, kultura eta belaunaldien arteko transmisinoa ospatzeko asmoz.
Joan dan hilean Bermeok Bizkaiko Dantzari Eguna be hartu eban, eta Lamera izan zan ekitaldiaren agertokia. Ehundaka dantzarik eta ikuslek parte hartu eben jardunaldian. Oraingoan be, Lamera izango da dantzaren eta jai giroaren erdiunea.
Nadia Nemeh Shomalyk, Bermeoko alkateak azpimarratu dauenez, “Ohore handia da Bermeorentzat Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna hartzea”.
Guztira, 250 dantzari inguruk parte hartuko dabe XXXVIII. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunean, Busturialdeko zortzi dantza talderen eskutik.
Jardunaldiaren helburu nagusia da euskal dantzen transmisinoa sustetea eta belaunaldi barrien lana ikusaraztea. Haur eta gazteek urte osoan zehar egindako ahalegina erakutsiko dabe, eskualdeko dantza tradizinoaren aberastasuna plazara ekarriz. Izan be, dantza taldeek egiten daben lana ezinbestekoa da gure ondare immateriala bizirik manteniduteko eta belaunaldi barriei kultur transmisinoa bermatzeko.