Abian da 2026-2027 ikasturteko aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea
Gazteei prestakuntza eta garapen aukerak eskaintzea da Bermeoko Udaleko Gazteria Sailaren helburu nagusietako bat. Ildo horretan, 2026-2027 ikasturterako aisialdiko begirale ikastaroa antolatu dau, hezkuntza ez-formalean eta aisialdi hezitzailean interesa daben gazteei zuzenduta. Bereziki, ume eta gaztakaz heziketa-lanetan jardun gura dabenentzat aukera ezin hobea izango da, euskeran eta balio hezitzaileetan oinarritutako prestakuntza jasotzeko.
Ikastaroa gainditzen dabenek Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratuko dabe, Eusko Jaurlaritzak homologaua. Prestakuntza metodologia parte-hartzaile baten bidez garatuko da, tokiko errealidadera egokituta, eta feminismoa, parte-hartzea, aniztasuna eta kulturartekotasuna izango dauz ardatz. Helburua da aisialdi hezitzailearen eta euskeraren sustapenean eragile aktibo izango diran begiraleak prestatzea.
Ikastaroa 2026ko urriaren 17an hasiko da, eta 2027ko apirilaren 24an amaituko da. Izena emoteko epea urriaren 9ra arte egongo da zabalik, plazak lehenago beteten ez badira. Interesdunek Bermeoko Gazteentzako Informazino Zerbitzura (GIZ) jo beharko dabe, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, eta bertan izen-emate orria bete.
Prestakuntzaren saio teorikoak eta praktikoak ikasturte osoan zehar banatuko dira. Horietatik bederatzi asteburu Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo dira, zapatuetan, 10:00etatik 18:30era bitartean, bazkaltzeko etenaldiagaz. Horrez gan, beste hiru asteburu La Arboledako aterpetxean egingo dira, zapatuko 10:00etatik domekako 15:00etara.
Ikastaroak bi atal izango dauz: alde teorikoa, 150 ordukoa, eta praktikoa, 160 ordukoa. Titulua lortzeko, nahitaezkoa izango da bi atalak gainditzea.
Parte hartu ahal izateko, ikasleek 2027an 18 urte bete beharko dabez, gitxienez, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua euki. Ikastaro osoa euskeraz eskainiko danez, ezinbestekoa izango da hizkuntza horretan behar adinako gaitasuna izatea.
Prestakuntzaren helburu nagusien artean dagoz gizartean eragiteko eta gizartea eraldatzeko kontzientzia kritikoa lantzea; aisialdiko jarduerak planifikatzeko, dinamizatzeko eta ebaluetako beharrezko tresnak eskuratzea; talde-lanerako gaitasunak garatzea; umeen eta gazteen errealidade soziokulturalak ezagutzea; eta hausnarketa kritikoa nahiz sormena sustatzea.
Matrikularen prezioa 360 eurokoa izango da 35 urtetik beherako eta Bermeon erroldatutako gazteentzat; gainerakoentzat, barriz, 460 eurokoa. Zenbateko horretan sartuta dagoz La Arboledako aterpetxean egingo diran hiru egotaldiak, mantenu osoagaz.