Skip to main content

Udako Kirol-txapelketa barriro gauzatuko da aurten, 36 urtetik gorakoentzako kategoria barriagaz

2026/05/29

Pasealekua barriro izango da, udan, Gernika-Lumoko topagune nagusienetakoa dan kirol-txapelketaren gunea. Udalak Pasealekuko Kirol Txapelketaren XXXIX. edizinoa aurkeztu dau. Hitzordu hori dagoeneko finkatuta dago tokiko egutegian, eta umeak, gazteak eta helduak hainbat astez bilduko dauz areto-futbolaren, saskibaloiaren eta esku pelotaren inguruan. Lehiaketa datorren bagilaren 15ean hasi eta abuztuaren 5ean amaituko da, ohiko sari-banaketagaz.Edizino honetan futbol-lehiaketan parte hartu ahal izango dabenen artean aldaketa egongo da. Erakundeak “senior +” izeneko kategoria barria sartu dau, 36 urtetik gorako jokalariei zuzendua. Asmoa da talde kopuru nahikoa inskribiduta badago, kategoria horrek liga propioa jokatzea. Bestela, parte-hartzaileak ohiko senior-lehiaketan parte hartu ahal izango dabe.

Gainera, partida batzuk grabadu egingo dira, jokalariek irudiak gorde daiezan txapelketaren oroitzapen gisa. Horretarako, ekipoek berariazko baimena emon beharko dabe inskripzino-prozesuan zehar.

Gernika-Lumoko Udalak antolatzen dau txapelketa, herriko zenbait kirol-klubekin lankidetzan, halan zelan Gernikako Lagunak Erabil Futbol Aretoa, Gernika Kesb eta Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteagaz. Antolatzaileek ekimenaren garapenean parte hartzen daben beste erakunde batzuen lankidetza be eskertu dabe.

Erakundeak nabarmendu dauenez, txapelketaren helburua da kirola sustetea eta herritarrei udako hilebeteetan aisialdirako eta bizikidetzarako gunea eskaintzea.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan