Gloria Totoricagüena Egurrolak hartu dau Eusko Irakaskuntzak emoten dauan 2025eko ‘Manuel Lekuona Saria’
Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria 2025 emoteko ekitaldia ospatu dau Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta Gloria Totoricagüenari emon jako saria, Politika Zientzietan doktore eta euskal diasporaren ikerketaren arloan nazinoarteko aditu nagusietakoari.
Totoricagüenaren ibilpide akademikoa eta dibulgatiboa autortu da ekitaldian zehar, bere ikerlanak modu erabagigarrian lagundu baitu munduan zehar banatutako euskal komunidadeen ezagutzan sakontzen eta Euskadiren kulturaren eta identidadearen nazinoarteko proiekzinoa indartzen.
Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako presidenteak euskal kulturaren nazinoarteko dibulgatzaile nagusienetakotzat jo dau saritua, eta diplomazia kulturalarekin eta diasporaren azterketagaz dauen konpromisoa nabarmendu dau, euskal identidade kolektiboaren eraikuntzan funtsezko elementua baita. Era berean, Euskal Etxeei buruz eta euskal komunidadeek Euskadigaz dabezan loturei buruz hak egindako ikerketen garrantzia azpimarratu dau.
Saria jaso ondoren, Gloria Totoricagüenak azken hamarkadetan bere ikerketa-proiektuetan parte hartu daben persona guztiekin partekatu dau autortza hau. Bere hitzaldian, Boiseko Euskal Etxean izandako hastapenak ekarri dauz gogora, eta, ondoren, euskal diasporari eta identidadeari buruzko ikerketak bultzatzeko erakunde, unibersidade eta gobernu desbardinekin izandako lankidetza.
Ikertzaileak “Euskadi Globala” dalakoaren balioa aldarrikatu dau, hau da, hainbat herrialdetan euskal komunidadez eta Euskadiri lotutako pertsonez osotutako nazinoarteko sarea. Era berean, komunidade global horrek ekintza kolektiborako dauen gaitasuna indartzera animau dau, Euskadiren nazinoarteko presentzia irmetzen lagunduko daben proiektu kulturalak, akademikoak eta sozialak bultzatzeko.