Madalen Eguna ospatu da Urdaibaiko kostaldean
Bermeok urteko hitzordurik berezienetako bat bizi izan dau gaur, Madalen Eguna ospatuz. Urtero lez, herriak Izarogaz dauen lotura barritu dau, mendeetako tradizinoari eutsiz eta bere nortasuna belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraituz.
Aurtengo ospakizunak “alkartasunien ospatuz” izan dau leloa. Izarora jaurtitako teilak herriko lau alkarteri egin deutse autortza, alkartasuna Bermeoko balio nagusietako bat dala azpimarratuz. Alkateak nabarmendu dau ospakizun honek ez dauela iragana gogoratzeko bakarrik balio, baizik eta herriaren oraina eta etorkizuna lotzeko be.
Tradizinoari jarraituz, udal ordezkariak eta konbidauak Hegaluze itsasontzian abiau dira Izarorantz. Txistularien doinuek lagunduta, teila jaurti dabe uretara, Bermeoren eta Izaroren arteko lotura barrituz. Aurten be, herritarren parte-hartzea sustetako asmoz, hamabi bermeotarrek aukera izan dabe udal ordezkaritzagaz batera itsasontzian joan eta protokoloa barrutik bizitzeko.
Bestalde, Bermeoko Udalak omenaldia egin deutso Hilario Aurtenetxe Mentxakari, Madalen Eguneko protokoloan 40 urtez egindako lana eta konpromisoa eskertuz.
Izaroko ekitaldiaren ostean, ordezkaritza Elantxobera joan da. Bertan, Nadia Nemeh Shomaly alkateak makila emon deutso Patxi Egurrola Elantxobeko alkateari, eta ondoren, txistulariekin batera herriko aldapa igon dabe “ikusi Mendizaleak” abestuz.
Goi aldean, ohiko ekitaldi instituzinonalak eta dantzak egin dabez. “Madalenara” dantzarekin eta Ohorezko Aurreskuagaz amaitu da eguneko unerik esanguratsuenetako bat, bertan izan diralarik, besteak beste, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea eta Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe.
Jarraian, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatearen eta gainerako ordezkarien adierazpenak adituko doguz, Madalen Egunak herriarentzat dauen esanahia eta aurtengo ospakizunaren balorazinoa ezagutzeko.










