Skip to main content

Etiketa: Jardunaldi parte-hartzaileen aurkezpena Joseba Etxebarria eta Koldo Bilbaoren eskutik

Jardunaldi parte-hartzaileen aurkezpena Joseba Etxebarria eta Koldo Bilbaoren eskutik

Kirolbai programan, oraingoan, Urdaibai eskualdeko kirol tradizionalen etorkizunari begira jarri gara. SUSTABIZ Fundazioak, BBK Fundazioaren laguntzarekin, herri kirolak, euskal pilota eta arrauna sustatzeko martxan jarri dituen jardunaldiak aurkeztu ditu, belaunaldi berriak gure ondarera gerturatzeko helburu argiagaz.

Urdaibai aldeko udalerriak izango dira egitasmo honen ardatz nagusietako bat. Gure Kirolak Sustatzen programaren bidez, Busturialdeko eta inguruko haur eta gazteek herri kirolak, euskal pilota eta arrauna ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute, kirolari ospetsuen eskutik eta udal, ikastetxe zein familien laguntzarekin.

Gainera, jardunaldi bereziak egingo dira Ondarroan eta Markina-Xemeinen, parte-hartzea sustatzeko eta gure kirol tradizionalak kalera ateratzeko. Erakustaldiak, saio praktikoak eta topaketak izango dira protagonista, herritarrak kirol hauetara hurbiltzeko.

Beste berrikuntza nagusietako bat inklusioaren aldeko apustua da. HASZTEN erakundearekin elkarlanean, herri kirol egokituko jarduerak ere antolatuko dira Busturialdean eta Lea-Artibain, kirola pertsona guztien eskura jartzeko.

Era berean, Gernika-Lumoko ikastetxeetan eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen jarraituko dute, gazteek urte osoan zehar herri kirolak, arrauna eta pilota praktikatzeko aukera izan dezaten.

SUSTABIZ Fundazioak Europako proiektuetan ere parte hartzen hasi da, genero berdintasuna eta emakumeen presentzia sustatzeko helburuarekin. Horrek erakusten du gure kirol tradizionalek gero eta proiekzio handiagoa dutela lurraldetik harago ere.

Urdaibain antolatuko diren kirol jardunaldi hauek, beraz, aukera aparta izango dira gure sustraiak ezagutzeko, kirola bizitzeko eta belaunaldi berrien artean herri kirolen etorkizuna sendotzen jarraitzeko. Kirolbain, jardunaldi hauen nondik norako guztiak gertutik ezagutuko ditugu.
Jardunaldi hauen bidez, SUSTABIZ Fundazioak eta BBK Fundazioak argi utzi dute herri kirolen etorkizuna belaunaldi berrien esku dagoela, eta horretarako ezinbestekoa dela hezkuntza, parte-hartzea eta lankidetza uztartzea. Egitasmoaren helburuak eta datozen hilabeteetako erronkak hobeto ezagutzeko, Joseba Etxeberria SUSTABIZ Fundazioko zuzendaria eta Koldo Bilbao, BBK Gizarte Ekintzako Kultura arduraduna, izan ditugu gurekin. Hona hemen eurek esandakoa.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan