EAJk premiazko mantentze-plan bat eskatu dau, Allende Salazar eskola publikoaren egoera hobetzeko
EAJ-PNVk mozio bat aurkeztu du Gernika-Lumoko osoko bilkuran eztabaidatu eta onartzeko. Helburua da Allende Salazar eskola publikoan premiazko mantentze-plan bat martxan jartzea, ikastetxeko zuzendaritzak helarazitako arazo ugariei erantzuteko.
Alderdi jeltzalearen arabera, azken hilabeteetan hainbat bilera egin dituzte eskolako arduradunekin, eta bilera horietan agerian geratu da instalazioen narriadura gero eta handiagoa dela. Horren ondorioz, mantentze-lanei lotutako 25 gorabehera jasotzen dituen txostena helarazi diote udal taldeari.
Antzemandako arazoen artean daude hondatutako pertsianak, behar bezala berotzen ez duten erradiadoreak, euria egiten duenean sortzen diren ur-iragazketak eta urteak margotu gabe daramatzaten ikasgelak eta pasiloak.
Gainera, kirol-pistetako ekipamendu falta, haur-jolasguneetako gabeziak eta sarrera nagusian dauden irisgarritasun eta segurtasun arazoak ere salatu dituzte. Horrez gain, ekipamendu informatikoetan eta sukaldeko instalazioetan ere hobekuntzak behar direla azpimarratu dute.
EAJ-PNVk gogorarazi du ikastetxearen mantentzea Gernika-Lumoko Udalaren eskumena dela, eta egungo egoerak berehalako erantzuna eskatzen duela.
Aurkeztutako mozioaren arabera, mantentze-plan espezifiko bat diseinatu nahi dute, beharrezko jarduketak identifikatu, lehenetsi eta egutegian antolatzeko.
Proposamenak aurreikusten du uda honetan bertan hastea premiazkoenak diren lanak, ikaslerik gabeko aldia aprobetxatuz. Gainera, alderdi jeltzaleak urtean 50.000 euroko partida bat sortzea proposatu du datozen lau urteetarako, mantentze-lanak eta inbertsioak egiteko, beharrezkoa denean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan.
Bestalde, EAJ-PNVk Zearretako pisten inguruko egoera eta Allende Salazar zein Seber Altube ikastolak dituzten espazio beharrak ere aipatu ditu. Alderdiak azaldu du bi hezkuntza-komunitateekin bilerak egin dituela, haien kezkak eta beharrak zuzenean ezagutzeko.
Horren ondoren, epe luzerako proposamen egiturazko bat helarazi dute, bi ikastetxeen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo dien irtenbide adostu bat bilatzeko.
EAJ-PNVren ustez, hezkuntza-instalazio seguruak, funtzionalak eta egoera onean daudenak bermatzea lehentasuna izan behar da administrazio publikoentzat.
Alderdi jeltzaleak azpimarratu du eskolak funtsezko espazioak direla haurren garapenerako, eta horiek baldintza egokietan mantentzea udalaren erantzukizuna dela, plangintza eta konpromiso argiarekin.