Bermeok XLI. Musika Astea hartuko dau abuztuaren 2tik 6ra
Bermeok musika klasikoaren hitzordu garrantzitsuenetako bat hartuko du beste behin ere. Abuztuaren 2tik 6ra egingo da XLI. Musika Astea, eta Santa Maria eliza izango da, beste urte batez, kalitate handiko kontzertuen agertokia.
Bermeoko Udalak antolatutako jaialdiak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Oizmendi Telebistaren laguntza izango ditu. Hain zuzen ere, aurtengo kartel ofizialean Oizmendi Telebista ageri da ekimenaren laguntzaile gisa. Kontzertu guztiak arratsaldeko zortzietan hasiko dira, eta sarrera doakoa izango da.
Aurtengo egitarauak bertako zein nazioarteko talentua batuko ditu. Musika Asteari hasiera Bermeoko Abesbatzak emango dio, bere 70. urteurrena ospatzeko kontzertu bereziarekin. Ondoren, Ahaire Eho Flute Quartet, Julian Kainrath biolin-jotzailea eta Anton Gerzenberg pianista, Aralar Quartet eta Silboberri txistu taldea igoko dira oholtzara.
Lau hamarkadatik gora daramatzan jaialdi honek Bermeoko kultur egutegiko ezinbesteko hitzordua izaten jarraitzen du, eta aurten ere herritarrak eta bisitariak Santa Maria elizan musikaz gozatzera gonbidatu ditu antolakuntzak.









