Skip to main content

‘Ukraina, Zibilen Gerra’ Luis de Vega-ren erakusketa

2026/04/21

Luis de Vega Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik egon da EL PAÍS egunkariarentzako idazle eta argazkilari lana egiten. Kazetari eta argazkilari gisa lan egin dau 30 herrialdetan baino gehiagotan 25 urtez. Madrilen eta inguruetan urte eta erdi emon ondoren erreportaiak egiten, egunkari horretako Nazioarteko atalean hasi zan lan egiten. Aurretiaz, 22 urtez lan egin eban ABC egunkarian, eta horietatik zortzi korrespontsala izan zan Afrikako iparraldean. Madrilgo Prentsa Elkarteak Kazetari Onenaren 2022ko saria emon eutsan, eta Cirilio Rodríguez sariaren finalista izan da bi aldiz.

Erakusketaren egileak lur hartu eban Kieven 2022ko zezeilaren 23ko arratsaldean, Vladímir Putin presidenteak bere tropei alboko herrialdearen inbasino handia agindu baino ordu batzuk lehenago. Hiru urte baino gehiago igaro dira, eta gerraren amaiera ekarriko dauen inolako argirik ez da ikusten tunelaren amaieran.

Lagin honen irudiak Ukrainako hainbat eskualdetan gatazka zelan bizi daben erakusten dabe, bai frontetik urrun, non misilen eta droneen erasoaldiak izaten diran maiz, bai bi armadak zuzenean aurrez aurre dagozan frontearen lerrotik gertu.

Tokian tokiko gatazka aztertzen dauen Nazio Batuen Erakundearen Batzorde Independenteak iragarri dauenez, Errusiako okupazino-tropek herritarrak bortxaz desagerrarazi dabez, eta desagertze horreek gizateriaren aurkako krimenak dira. Sexu-indarkeria eta tortura be salatu dauz. Ukrainar aldeak be gerra-krimenak egin dauz, argitu dau Nazio Batuen Erakundeak. 44 milioi ukrainarretatik 14 milioi inguruk etxetik alde egin behar izan eben gerraren lehen hilebeteetan. Ia zortzi milioi Ukrainatik atera ziran, gehienak Europako beste herrialde batzuetara. Horietatik, % 75 inguru emakumeak eta adinbakoak dira.

Beste zazpi milioi barne-desplazatuak dira. Horietako asko errusiarrek okupetan dabezan eremuetatik datoz, edo eremu aurkarienean dagoz; beraz, ez dago aurreikusita laster itzultzea. 42.000 zibil baino gehiago hil dira edo zaurituak izan dira, horien artean 2.500 ume inguru. Gainera, 2,5 milioi etxebizitza baino gehiago kaltetu edo suntsitu dira, hau da, herrialdeko etxebizitza guztien % 13a. Funtsezko azpiegiturei egindako erasoen eragin ekonomikoa izugarria izan da, 156.000 milioi euroko kostu zenbatetsiagaz, Nazio Batuen datuen arabera.

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan