
Busturialdeko ur-hornidura bermatzeko 58 milioi euroko hodia, baina irtenbidea ez da 2030era arte iritsiko
Eskualdeak ur-eskasia estrukturala dau, eta Mungia eta Bermeo lotuko dauzan azpiegiturak Zadorrako sistematik ura ekartzea ahalbidetuko dau. Bitartean, ibaien eta akuiferoen menpe jarraituko dau Busturialdeak, lehorte garaiei aurre egiteko behin-behineko neurrien beharragaz.
Busturialdeko ur-horniduraren arazoari aurre egiteko urrats garrantzitsua iragarri dau Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak: 57,7 milioi euro bideratuko dauz eskualdea Zadorrako ur-sistemagaz lotzeko hodia eraikitzera. Urriaren 27an ezagutarazitako inbersinoa 2030era arteko azpiegitura-planaren barruan kokatzen da, eta helburua argia da: lehorte garaietan herritarrek ur-horniduran murrizketarik ez izatea.
Halan be, proiektuaren iragarpenak ez dau esan gura Busturialdeko ur-arazoa konponduta dagoenik. Eusko Jaurlaritzaren 2026ko maiatzaren 19ko 78/2026 Dekretuak eurak autortzen dau eskualdea Bizkaian ur-baliabideen arazo larria dauen bakarra dala. Dokumentu ofizialaren arabera, Busturialdeko hornidura-sistemak segurtasun-irizpideen arabera murrizketarik bako zerbitzua bermatzeko segundoko 100 litroko baliabide gehigarria behar dau.
-
Azken berriak





























