Skip to main content

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Lea-Artibai eta Busturialderako hiltegia aztertzeko proposamena

Foru gobernuko taldeek proposamenaren aurka bozkatu dabe. Ekimenak Otei baserriari erabilera barria emotea eta eskualdeko lehen sektorea bultzatzea be planteatzen eban.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Batzordeak ez dau onartu EH Bilduren proposamena, Lea-Artibai eta Busturialderako hiltegi txiki bat eta zatiketako areto bat eregiteko aukerea aztertzea eta Otei baserriari erabilera integrala emotea eskatzen ebana.

EH Bildu eta Elkarrekin-Bizkaiak alde bozkatu dabe; Bizkaiko Talde Popularra abstenidu egin da, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurka bozkatu dabe.

EH Bilduko Iratxe Arriola Alzolak azaldu dau proposamenaren helburua eskualdeko abeltzaintza indartzea eta hiru hamarkada baino gehiagoan erabilera jarraiturik barik egon dan Otei baserriko lursaila berreskuratzea dala. Ekimenak eraikinak birgaitzea, gazteen proiektu profesionalak sustatzea eta prestakuntza-zentro bat sortzeko aukerea aztertzea be jasotzen eban.

Arriolak argitu dau hiltegia ez dala nahitaez Otei baserrian kokatu behar, eta eskualdeko beste kokaleku batzuk aztertzea proposatu dau.

Foru gobernuko taldeek, ostera, ekimenaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa zalantzan jarri dabe. Sozialistek hiltegiaren kostuak eta benetako beharrak aztertzeko eskatu dabe; Euzko Abertzaleak taldeak, barriz, Otei baserria ez dala kokaleku egokia adierazo dau, eta Aldundia lurralde osoko aukerak aztertzen dabilela esan dau.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan