
Urrezko domina jaso dau Bittor Uriarte Anasagastiren familiak
Bermeoko Udalak Bitor Uriarte Anasagastiren ibilpidea eta herriari egindako ekarpena autortu dauz, Udalaren Urrezko Domina emonda. Ekitaldia gaur egin da udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta familiak jaso dau domina haren izenean.
Bitor Uriarteren bizitza eta lana estuki lotuta egon dira Bermeogaz. Irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile izan zan, eta urte luzez herriaren historia, ondarea eta memoria ikertzen eta ezagutarazten jardun eban.
1957an jaioa, gaztetatik erakutsi eban Bermeoko historiarekiko interesa. 17 edo 18 urte besterik ez ebazala, herriko baserri guztiak argazkitan jaso ebazan. Irudi horreek Udal Artxiboan gordetzen dira gaur egun, Bermeoren iraganaren lekuko baliotsu gisa. Artxiboa antolatzen be lagundu eban.
Deustuko Unibertsidadean Historia eta Geografia ikasi ondoren, irakasle aritu zan Bermeoko institutuan, eta bertan ikasketa buru eta zuzendari be izan zan, erretiroa hartu arte. Belaunaldi askori ezagutza ez ezik, herria ezagutzeko eta ulertzeko interesa be transmitidu eutsen.
Irakaskuntzaz gan, Bermeoko historia eta ondarea ikertzen jarraitu eban. Besteak beste, 1504ko sutea, herriko toponimia, Santa Eufemia eleiza, portua, Erdi Aroko Bermeo eta urigintza aztertu ebazan. Hitzaldiak emon ebazan, eta hainbat argitalpenetan parte hartu eban. Busturialdeko Hitza egunkariaren sorreran be lagundu eban, eta lehen zuzendaria izan zan.
2024tik aurrera, Bermeoko Udaleko zinegotzi be izan zan, bere ezagutza eta esperientzia herriaren zerbitzura jarriz. 2026ko bagilaren 19an hil zan, Marinone baserrian.
Ekitaldian, Nadia Nemeh Shomaly alkateak Bitorren ibilpidea eta Bermeogaz izan eban lotura berezia nabarmendu dauz. Alkatearen berbetan, gaurko Urrezko Domina ez da lan jakin baten autortza, bizitza oso baten autortza baizik.
Holan, Bermeok omenaldia egin deutso herriko historia dokumentetan eta zabaltzen urte luzez jardun eban gizonari, haren ekarpena datozen belaunaldientzat be bizirik manteniduteko asmoz.
-
Azken berriak




























