
Elixabete Etxanobek etorkizuneko lau itun nagusi proposatu dauz
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak akordioak bilatzen jarraitzeko deia egin die talde politikoei eta gizarte-eragileei. Legegintzaldia amaitzeko geratzen diren bederatzi hilabeteetan adostasun berriak lortzea proposatu du, eta datozen hamarkadetako erronkei begira lau itun nagusi jarri ditu mahai gainean: zaintzaren, lurraldearen, bizikidetzaren eta aukeren ingurukoak.
Etxanobek gaur egin du agerraldia Bizkaiko Batzar Nagusietan, politika orokorreko osoko bilkuran. Orain arteko kudeaketaren balantzea egiteaz gain, aurrekontuen eta zerga-berrikuspenaren inguruan lortutako akordioak nabarmendu ditu, aurrera egiteko lan egiteko moduaren adibide gisa.
Ahaldun nagusiaren arabera, Bizkaia Denontzat planeko 120 lehentasunezko jarduketetatik 118 amaituta edo abian daude. Horrez gain, azken urteetan hartutako neurri fiskalak ere aipatu ditu: besteak beste, PFEZa aitortzeko gutxieneko errenta 20.000 eurora igotzea eta errentarik txikienak babesteko neurriak.
Zaintzaren arloan, aurten 855 milioi euro bideratu ditu Aldundiak sistemara. EtxeTIC sarearen hedapena ere nabarmendu du Etxanobek; dagoeneko hamaika zentrotan 8.000 adineko baino gehiago artatzen dituzte eta 7.500 zaintzaile baino gehiagori laguntza eskaintzen diete.
Enpleguari eta industriari dagokienez, Bizkaiak 518.300 pertsona landun eta 47.400 langabe dituela azaldu du, %8ko langabezia-tasarekin. Gazteen, emakumeen eta luzaroko langabeen artean oraindik ere erronkak daudela aitortu du.
Etxebizitzaren arloan, 266.000 zergadun baino gehiagok jaso dituzte kenkariak, 339 milioi euro inguruko zenbatekoarekin. Garraio publikoari dagokionez, berriz, trenbide-sarean 770 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dela azaldu du, eta Bizkaibus zerbitzu berria 2029an martxan egotea espero da.
Lurralde-orekari ere erreparatu dio ahaldun nagusiak. Bizkaia Orekan Sakonduz sarearen bidez 2.400 enpresa baino gehiagok parte hartu dute azken hamar urteetan, eta eskualdeko bost plan estrategiko garatu dira.
Azkenik, Etxanobek lau itun nagusien beharra azpimarratu du. Lehenengoa zaintzari lotuta egongo litzateke; bigarrena, lurraldeen arteko oreka indartzera bideratuko litzateke; hirugarrenak bizikidetza eta gizarte-kohesioa izango lituzke ardatz; eta laugarrenak, berriz, enplegua, emantzipazioa eta bizi-proiektuak garatzeko aukerak.
Etxanoberen hitzetan, Bizkaiaren etorkizuneko erabakiak gaur hartu behar dira, hamar, hogei edo hogeita hamar urte barru nahi den lurraldea kontuan hartuta.
-
Azken berriak





























