Skip to main content

Bermeoko lau erraldoiak kaleetatik etxeetara eroateko aukera izango da aurrerantzean

2026/09/15

Bermeoko lau erraldoiak herritarren egunerokoan oindino gehiago sartzeko prest dagoz. Josefin eta Anton arrantzaleek eta Mari eta Lorentzo baserritarrek beren miniaturazko bersinoa izango dabe aurrerantzean, 23 zentimetroko gomazko figuretan. Guztira, 1.400 ale egin dira, 350 erraldoi bakotxeko, eta lehenengo aleak Santa Eufemia Egunean, irailaren 16an, jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, azokan bertan. Figura bakotxaren prezioa 20 eurokoa izango da.

Figura txikerren ekoizpena herritarren eskaera bati erantzuteko sortu da. Bermeoko Erraldoien Konpartsak udalera jo eban proiektuaren aukera aztertzeko, eta, proposamena balorau ondoren, Bermeoko Udalak igaz abiau eban kontratazino-prozesua.

Azkenean, Indarein enpresa arduratu da lau personaien gomazko erreplikak egiteaz, eta lanaren kontratuaren zenbatekoa 25.223,66 eurokoa izan da (BEZ barne). Figura bakotxaren prezioa ekoizpen-kostuak estaltzera bideratuta dago, eta, beraz, Udalak ez dau irabazi asmorik izango ekimenagaz.

Bi hamarkadatan zehar, konpartsak herriko kaleetara eroan dauz lau personaiak, eta urte hauetan guztietan herritarren artean lortu daben harrera eta atxikimendua handituz joan da. Kalejirak, saioak eta bestelako ekitaldiak Bermeoko kultur eta jaietako egitarauen parte bihurtu dira, eta, horrenbestez, erraldoiak belaunaldiz belaunaldi herritarren iruditerian txertatutako personaiak dira.

Ekimen honen bidez, Bermeoko kaleetan hain ezagunak diran lau personaia horreek beste formau batean be herritarren eskura jarriko dira, eta, aldi berean, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20 urteko ibilpidea ospatzeko beste modu bat izango da.

Ekoiztutako aleak amaituz gero, Bermeoko Udalak aurrerago figura gehiago egiteko aukera aztertuko leuke, herritarren harreraren arabera.

Oizmendi telebista
bizkaiko foru aldundia
txantxangorria euskara

Egin bat gure WhatsApp kanalarekin, eta edukirik onena jasoko duzu zure sakelekoan